XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BIVALVIA KLASEA Bibalboek, Gasteropodoen atzetik, molusko motarik ugariena osatzen dute, egun 20.000 espezie inguru ezagutzen delarik.

Uretako animaliak dira, bai gozotakoak bai itsasokoak eta marearteko zonalderik gorenetan nahiz 5000 metrotako sakoneran banaturik daude.

Bibalbo hitzak, bere maskorraren konstituzioarekin zerikusia du, berau, bizkarraldetik lotailu elastiko batez elkarri loturiko bi kusku edo balbaz eratua dago eta kusku hauek txanga bat eratzen duten hortz batzurez hozkatuak.

Espezie batzutan, gero ikusiko dugun legez, bi kusku hauetaz gain plaka osagarriak ere egon daitezke.

Bivalvia terminoa Linneo-k sortu zuen 1758. urtean, talde hau izendatzeko Lamelibrankio izena ere erabiltzen da, Blainville-k 1814.ean sortutakoa, edo Pelezipedoak, Goldfuss-ek 1820.ean deitu zituen bezala.

Zein izen eman behar zitzaienari buruz oso eztabaidatu da, Bibalbo izenak nahasketa besterik ez zuela sortuko bait zioten, Brakiopodoek ere bi kuskuz eratutako maskorra erakusten bait dute, baina hauetan, biak bizkar eta sabelaldean kokatzen dira, Bibalboetan eskuin eta ezkerraldean egiten diren bitartean.

Lamelibrankio izenaren jatorria, beren brankiak ardatz-baskular huts bat izatean datza, albotik, tolestutako eta laminak osatuz bata besteari loturiko lotailu zerrenda bitan adarkatuak daudelarik.

Azkenik, Pelezipedo izena, haizkora itxurako oin lau eta bentral bat izatetik dator.

EBOLUZIOA Lehendabiziko bibalbo fosilak Portugal-eko Goi Kanbrialdiaz geroztikoak dira.

Fosile primitibo hauek Ctenodonta generoaren barnean sailkatu ziren, zeina, ugari eta elkarren antza haundia duten hortzez eratutako txanga bat izatea baita beren ezaugarririk nagusiena, delako hortzak kuskuaren erdialdera bat etortzen direlarik.

Hemendik aurrera bibalboen eboluzioaz aritzea txangaren eboluzioaz mintzatzea esan nahi du.

Silurialdian, Lyrodesma eta Actinodonta bezalako hainbat genero bizi izan zen.

Hauek, beren lehenagokoengandik zeran desberdintzen dira: hortzek, nahiz eta ugari izan, kanpokaldera dibergitzen zutela, hau da, bibalboek beren historia hasieran txanga taxodontoa zutela, ktenodonte nahiz aktinodonte tipokoa.

Lehendabiziko tipoak, garbiaski primitiboa, ez du egun arte inolako aldaketarik nozitu eta Nucula bezalako generoak ezaugarritzen ditu.

Bigarrenak, ostera, hiru norabidetara eman diren aldaketa ugari jasan du.